gogoratu nor garen

Gizartea izugarrizko abiaduran ari da garatzen. Sinestezina da gure belaunaldiak soilik nolako aldaketak ikusi dituen teknologian, globalizazioan edo sare sozialen munduan. Garapen honek gure bizimodua goitik behera aldatu du, baina hobera aldatu al du?

Egia da aurrerakuntza hauek izugarrizko aukerak ematen dizkigutela, komunikazio teknologiek edo garraio sistemak esaterako, baina elkartzen gaituen modura, ikaragarrizko banaketak eragin ditu egungo gizartean.

Perspektiba galduta gabiltza, errealitate paralelo batean, inguratzen gaituen guztia gure zerbitzurako  dagoela sinetsita, Lurra gure etxea dela ahaztuta. Eta bien bitartean, jasangarritasunaz dihardugu, egindako kaltea nola konpondu eta etorkizunekoak nola ekidin pentsatuz. Ez al litzateke hobe lehendabizi nor garen oroitzea?

Jasangarritasun ekologikoaz eta sozialaz hitz egiten dugu, baina ez gara oroitzen gure buruaz. Lanetik, etxera, etxetik eskolara, facebook, telebista, mugikorrak…

Gelditu. Hartu arnas.

 

 

 

 

Sentitu gorputza. Izan momentu batez, besterik egin gabe. Nor naiz? nola nago?

Irten kalera, mendira edo itsasora. Sentitu haizea eta entzun. Izan momentu batez, besterik egin gabe. Nor naiz? non nago?

Ahaztu egin zaigu nor garen.

Bizitzaren sinpletasunean ez dago jabetzarik, ez kontsumismorik, ez aurreiritzirik edo modarik. Izateko ez dugu askorik behar. Ez dut esan nahi atzera egin behar dugunik edo kontsumitu behar ez dugunik, baina gure bizitzak baldintzatzen dituzten einean, kontziente izan behar dugu sentitzen ditugun ‘behar izan’ horiek ez direla hil ala biziko gauzak.

Horrez gain, natura behar beharrezkoa zaigu bizirauteko, bai baliabide iturri moduan, baita giza bizitza egotea ahalbidetzen duen baldintza moduan ere. Hala, ingurugiro osasuntsu bat izatea lehentasuna bilakatzen da, haren mende baitago gure izatea.

Mundua konpontzeko soluzio bila hasi baino lehen, gogoratu dezagun nor garen, bestela, arazo berdinari bueltaka jardungo dugu etengabe.

‘We cannot solve our problems with the same thinking we used when we created them’. -Albert Einstein

Arrazoi ugari, helburu bakarra

Lehengo batean klasean, Sarah Denie ekonomialariak emandako ‘Economics and Governance’ saioan:

‘Idatzi paper batean berpizten zaituelako edo sutan jartzen zaituelako aurrera egiteko indarra ematen dizun balore edo kontzeptua.’
Bi multzoak borobilaren erdian genituela, banan-banan bakoitzak berea azaldu zuen. Injustizia, berdintasuna, justizia, genero berdintasuna, bakea, familia, pobrezia… balore gehientsuenak aurreikusteko modukoak ziren. Denak, bat izan ezik. Erdi Kanadarra eta erdi Suediarra den neska baten mezuak guztiok harritu gintuen, ‘noski…’ txiki batek lagunduta. ELURRA zioen bere papertxoak. Etxe deitzen dien bi herrialdeetako identitate eta zeinua den hau galtzear dago aldaketa klimatikoaren erruz eta horixe da egunero jasangarritasunaren inguruan borrokan jarraitzeko duen arrazoi nagusia. Bere herriaren zeinua, bere zeinua, bere identitatea. Zer lirateke Kanada eta Suedia neguko elur mantu zuririk gabe? Zer litzateke bera elurrik gabe?

Zer egingo genuke zarauztarrok hondartza galtzeko arrisku larrian gaudela konturatzean? ez al gaude jakinaren gainean?